Orriak

2017(e)ko martxoaren 30(a), osteguna

20-KORRIKA

Dakizuen bezala, korrika Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da   eta euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea du helburu. Martxoak 30ean Otxandion eman zaio hasiera eta apirilaren 9 an amaituko da Iruñean.
Mezua:

HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT
Euskara hizkuntza, kultura eta mundu bat da: bertoko hizkuntza, gure kultur izaera eta munduan nor izateko modua.
Euskal Herria euskaraz ulertzen dugun euskaldun eta euskaltzaleok aspaldi ekin genion geure hizkuntza sendotzeari, etorkizun hobea nahi dugulako.
HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BAT, ZUK
20. Korrikak zurekin hitz egin nahi du. Euskara ezagut eta gurekin erabil dezazun.
Zeuk ere, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz...
HIZKUNTZA, KULTURA, MUNDU BATZUK
AEK-k Euskal Herri euskalduna du helburu, askotariko mundua duelako amets. Hizkuntza eta hiztun guztiak berdintasunean biziko diren Euskal Herria eta mundua nahi ditu. Justizia-kontua da: hizkuntza gutxitu baten biziraupenerako babesa eta hiztunen eskubideen defentsa.
Beharrezkoa da euskara arretaz zaintzea. Gure nahia eta denon egitekoa da euskara aukera-berdintasunean bizitzea egunero eta eremu guztietan. Herritar guztiok bizi behar dugulako aukera-berdintasunean egunero eta plaza guztietan.
EGIN BAT, EGIN BATZUK
Nik, hik,  hark. Guk, zuk, zuek, haiek. Bat eta batzuk: nire hizkuntza, zure hizkuntza;  gure kultura, gure kulturak; mundu hau, mundu hauek.
Hizkuntza baten alde egitea, finean, guztien alde egitea da. Baten eta batzuen munduaren alde.  Kultura unibertsalaren alde.
Hizkuntza-berdintasunaren aldeko jaira gonbidatzen zaitugu. Mundu unibertsalagoa sortzera. Bat egitera. Zuk egitera.
Euskaraz.
Bat egitera. Zuk egitera.
Euskaraz.
 
Hala ere, korrikaren ibilbidea edota bestelakoren bat  jakin nahi baduzue hemen klikatu.