Orriak

2019(e)ko otsailaren 8(a), ostirala

Agur, baina ez adio!

Jon Lopategi bertsolari bizkaitarra zendu da. Bertsolari txapelduna eta bertsolaritzaren transmizioaren erreferentea izan dugu. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa irabazi zuen 1989an eta Bizkaiko txapela lautan jantzi zuen. Lorpenetatik haratago, bertso eskoletan egindako lanaren balioa da azpimarratzekoa.
Eleizalde ikastolan, hainbat urtetan (kontua galduta dugu) jardun izan da bertso irakasle. Hainbat dira bere "seme-alabak" eta ziur, gaur, maisuarekin bertsotan arituko direna.




2018(e)ko abenduaren 3(a), astelehena

Euskararen eguna da gaur!

Jakin badakizue gaur, abenduak 3, euskararen eguna ospatzen dugula. Eta gauza gutxi esan beharrean gaude; hizkuntza da pertsona baten nortasuna eta gurea den hori, hain bitxi, berezi eta bakarra erabiltzeagaitik ez gaitezan justifikatu.


2018(e)ko azaroaren 23(a), ostirala

Eleizalde ikastola euskaraldiarekin!

Gaur, azaroak 23, hasiera eman diogu euskaraldiari eta gaur abiatzen dugu hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa!


2018(e)ko urriaren 1(a), astelehena

ZUBIAK BATU. KILOMETROAK 2018

ZUBIAK BATU nahi ditu Urretxu-Zumarraga Ikastolak domeka honetan, urriak 7, ospatuko den Kilometroak jaian.



Bi herri, bakoitza bere izaerarekin, baina, askotan, baten moduan funtzionatzen dutenak. Zubiak batu, indarrak biderkatu eta elkarrekin antolatuko dute festa handi hau. Bi herri, ibilbide bat eta norabide bat.






EUSKARALDIA!


EUSKARALDIA zer den ez dakizula? Lasai, modu erraz eta laburrean azalduko dizuegu eta!
Euskaraldia ekimena, ariketa soziala da, euskararen erabilera areagotzeko, inertziak astintzeko eta herritarron eguneroko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzeko xedea duen ariketa sozial eta kolektiboa, alegia.
Ekimen hau 11 egunez egingo da, azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean.

Parte hartzeko prest ahal zaude? Horrela bada, euskaraldia.eus web gunean sartu, rola aukeratu eta datu gutxi batzuk betetzea besterik ez duzu! HARTU KONTROLA, ETA AUKERA ROLA!


Hala ere, ondorengo bideoak zalantza guztiak argituko dizkizue.


2018(e)ko otsailaren 19(a), astelehena

loraldia

LORALDIA kultur elkarteak urtero antolatzen duen festibala ate-joka dugu. Euskal kultura sustatu eta transmititzeko asmoz sortua, laugarren edizioa da aurtengoa. 
Martxoaren 5etik 26ra era guztietako kultur-ekintzak dastatzeko aukera dago: dantza, musika, antzerki... Tartean, Ekaitz Goienetxea bermeotarraren liburuaren aurkezpena. Hementxe duzue informazio guztia: LORALDIA

Gozatzen hasteko, hara iazkoaren laburpena:
Baietz gustuko zeozer aurkitu!

2018(e)ko otsailaren 18(a), igandea

BERTSOMOVIEDA 2018

Bertsoak eta irudiak gustuko? Hauxe duzu abagunea!


BERTSOMOVIEDA badator!
Zer den zehazki ez dakizula? Lasai, xinplea da eta: bertsoren bat ageri den bideo bat, gutxienez 7 segundokoa, grabatu, Internetera igo, eta BERTSOMOVIEDAri horren berri ematean datza lehiaketa.

Edozein bertsok balio du.
Edonork har dezake parte, taldeka ala bakarka 
SARIAK? Ederrak!
Gazteentzat: 300€ bertsomovie onenari
Helduentzat: 1000€ko lehen saria
Guztientzat:
500€ko saria botorik gehien biltzen dituen bertsomovieari
200na €ko bi sari, epaimahaiak erabakitzen dituen bi aipameni
Bertsorik onenak dituen bertsomovieari 250€

Bideoak www.bertsomovieda.com webgunean ikusgai egongo dira epea ixten denetik, eta gogokoena bozkatzeko aukera ere izango da.
    Apirilaren 9tik 20ra arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea.
    Apirilaren 23tik apirilaren 27ko eguerdiko 12ak arte egongo da bozka emateko aukera zabalik.
Hemen dituzue ikusgai iazko irabazleak eta bertsorik onenaren saria.

www.bertsomovieda.com

Harremanetarako edota jarraitzeko:
Eposta: bertsomovieda@gmail.com
Twitter: @bertsomovieda / Facebooken: bertsomovieda

Ea bermeotarron artista sen hori ateratzen duzuen!


2018(e)ko otsailaren 5(a), astelehena

TBX BIDEOAK


TBX jaio da. PuntuEus bat da, eta te-be-ixa ahoskatzen da. Euskaldunok sarean ikusten ditugun bideoen sailkapen automatiko eta jarraitua.

TBX-ren sortzaileak CodeSyntax dira. Euskarazko bideoak sailkatzeko dago prestatua TBX, baina euskaldunok sare sozialetan komentaturiko erdarazko bideoak (edo hizkuntzarik ez dutenak) ere sartu ahal dira sailkapenetan.

Oraingoz, Youtube-ko bideoak dira guztiak, zerbitzu honen API-a delako automatioki ustiatzeko aukera ematen duena, baina zabaltzeko asmotan dabiltza.

Zure bideoak TBX-n

Zeure bideoak hemen agerrarazteko, ikuskatze asko beharko lituzkete eta horretarako, aholku eta pista praktikoak emateko prest daude: idatzi lasai tbx@tbx.eus e-posta helbidera.


2018(e)ko urtarrilaren 25(a), osteguna

2018(e)ko urtarrilaren 23(a), asteartea

EUSKARALDIA: 11 EGUN EUSKARAZ

Abenduan, Kike Amonarriz izan genuen Bermeon EUSKARALDIAren berri ematen. Azarora bitartean dugu ekimena prestatzeko: Bermeo 11 egunez euskaraz. Horretarako berba egingo dutenak eta entzuteko prest daudenak behar dira. Konpromisoa hartzeko pres daudenak. Eta hori guztia bideratuko duten euskaltzaleak.
Prest erronkari eusteko?
Eguaztenean hitzordua:

URTARRILAK 24
arratsaldeko 7:00etan
GAZTELEKUAN (KULTURA ETXEAN)

2018(e)ko urtarrilaren 14(a), igandea

JOXEAN ARTZE HARTZUT HARTZABAL


Iturri zaharretik
edaten dut,
ur berria edaten, beti berri den ura
betiko iturri zaharretik.
Iturri zaharretik
edaten dugu,
ur berria edaten,
hitz bizia aditzen, beti berri den hitza,
betiko hizkuntza zaharretik.
Iturri zaharretik
edaten dugu,
ur berria edaten,
hitz bizia aditzen, kantu zilarra entzuten, beti berri den kantua, betiko isiltasun zaharretik...

Joxan Artzeren berbak dira Ikastolen Elkartearen logoan agertzen direnak.
Joxan Artzeren berbak dira hamaikatxu bider abestu ditugun kantuetan agertzen direnak.
Joxan Artzeren berbak dira izateaz, hizkuntzaz, biziaz hausnarketa eragin digutenak.
Bere olerkia Mikel Laboaren bidez zabaldu bazen ere, batez ere, Txoria txori, hamaikatxu musikarik hartu zituzten haren berbak zutarri.


"Heriotzaren ataria dugu bizitza"  eta "Bizitzaren atea dukegu heriotza" argitara eman zituenean, olerkiotan oinarriturik "Nola belztu zuria" ikuskizuna sortu zuten.


1979an, poema liburu bitxi bat kaleratu zuen Hartzabal izenez: "Bide bazterrean hi eta ni kantari": Olerkiak irakurri ahal izateko norberak osatu behar zituen letrak zenbakiei jarraituz. Jada hantxe zeuden bizitza eta heriotza:
Bera joan da, baina bere berbak gugaz diraute.
Agur, ez adio!

2017(e)ko abenduaren 4(a), astelehena

Euskaraldia: abenduaren 14an, motorrak berotzen

 

Hitzordua jaso ahaztu barik 

👇

eguena  -  14  -  7:00  -  Nestor Basterretxea aretoa

Durango: Kulturaren plaza

Durangoko azokaren 52. edizioa heldu da: abenduaren 6an hasi eta 10era bitartean, hitzordua dugu euskaldunon kulturaren plazan.

700 metrotan, 5 minutuko distantzian

                   Zortzi gune: 200 ekitaldi


 400 nobebade: 257 liburu, 92 disko, 19 aldizkari, 5 bideo eta 27 bestelako            

Egin kikukadatxua. Ez zara damutuko!


2017(e)ko azaroaren 30(a), osteguna

BERMEON EUSKARAZ

Euskararen nazioarteko eguna ospatzeko hainbat ekintza antolatu dira herrian astebururako: hitzaldiak, ibilaldia, jokoak, dantza...
Ekintzen berri Bermeon euskaraz gunean eskuratu dezakezue.
Hantxe egongo gara.

2017(e)ko azaroaren 28(a), asteartea

Euskara loratuz

Urtero lez, abenduaren 3a dugu ospakizun eta aldarrikapen eguna: egun bat ospatu eta 365 erabili, euskara loratu dezagun. Horixe dugu aurtego leloa: LORATU DEZAGUN EUSKARA.
Aste betez, hortxe gabiltza: jolas, joko, ipuin, abesti... Barikuan hausnarketarako tartetxoa izango dugu eta gure ikasle nagusiek prestaturiko pregoia entzungo dugu.

Zer esanik ez: herrian antolatzen diren ekintzetan har dezagun parte, euskara denon altxorra dugu eta!


2017(e)ko azaroaren 16(a), osteguna

Euskara: mundurako ate

Urte luzez, euskarak sutondoari esker egin du aurrera. Hura zen bere esparru eta babesleku. Gaur egunean, harantzago egin beharko dugu: euskara mundura eroan eta mundua euskarara ekarri. 
Albisteak, pelikulak, iritziak, irakurketak, ikuskizunak, teoriak, abestiak...  Hizkuntza hara-hora darabilten horiek zein hizkuntzatan kontsumitzen ditugu? Geure buruak ahaldundu behar ditugu euskaraz jarduteko edozein unetan, eta hori ez da lortzen gaztelaniaz edota ingelesez kontsumituz.
Interneten, eus. domeinua baino zerbait gehiago dugu: sekulako abagunea. Geure esku dago hori aprobetxatzea. 

Hara hiru aukera:

Horrela aurkezten du bere burua: ZuZeu orainkari digitala da, Internetzale euskaldunok munduari begiratzeko leiho moduko bat. Euskaraz sortutako albiste eta iritziez gain, ZuZeuk beste hizkuntzetatik hartutako edukiak ere eskaintzen dira hemen esteken bidez, Internet zale euskaldunak bai baitakizki beste hizkuntza batzuk ere.

Teknofiloen albistegia du azpi-izenburu eta hauxe azalpena: Interneteko albistegi bat da Sustatu. 2001eko azaroan sortu zen: euskarazko lehen blogetakoa izan zen, eta orain ere webloga izaten jarraitzen du nagusiki. Weblog kolektiboa, non artikulu nagusiak idazteko aukera irakurleen esku ere badagoen.


Hara aurkezpena: Webgunearen helburu nagusia euskal blogarientzat eta blogen irakurleentzat erreferentzia gune bat sortzea da. www.blogetan.eus en ezaugarri nagusiak lau dira: Euskal Blogarien bilduma; Pertsonalizatutako edukiak; Blogarien datu basea eta Blogetan lehiaketa.

Harpidetu eta labetik hara izango dituzu berriak. 

Baietz erabili!

2017(e)ko urriaren 17(a), asteartea

UEMA: Euskararen egoera Bermeon

2016an egindako euskararen erabileraren neurketak kezkatzeko moduko datuak ekarri zituen: udalerri euskalduna izanik (%70etik gorak dakigu euskaraz), erabilera %33an dago, hau da 10 lagunetik 3k baino ez dugu euskaraz egiten. 30 urtetan lorturiko emaitzarik eskasena. Datu zehatzagoak hemen eskura ditzakezue: Euskararen erabilera Bermeon
Hori horrela, udalak UEMAri eskatu zion laguntza egoeraren zergatiak bilatu eta, aurrera begira, non ekin behar den irudikatzearren. UEMAK ikerketa egin eta ondorioen txostena aurkeztu zuen hilonen 6an.  Ideia nagusi bi: 

euskara ardatz bihurtzen asmatu behar dugu

eta 

transmisioari estu heldu behar zaio.

  Gehiago sakontzeko HITZA: UEMA ikerketa eta erabilitako aurkezpena.
Badugu zer hausnartu.

2017(e)ko urriaren 8(a), igandea

OINEZ 17

Ate joka dugu OINEZ 17. Urriaren 15ean, domekagaz batera, Lesakan dugu hitzordua.
Tantirumairu ikastolak 1974an hasi zuen bere ibilbidea 7 ikaslegaz. Urteotan haziz joan da eta eraikin berria egin behar izan dute, gaur egun dituzten 101 ikasleentzat leku eta hornidura egokiak izateko.

Bi asko adierazi gura izan dituzte Bikin batin leloaren bidez: eraikin bi, belaunaldi bi, Nafarroa bi... Euren artean hizkuntza eredu bi: idatzizkoa bata eta ahozkoa bestea. Eta berbamolde horren aldarrikapena egiteko, hortxe leloa, guk Bigaz batein esango genukeena.

 
Hiru kilometro inguruko ibilbidean, makinatxu bat ekitaldiz gozatzeko aukera dugu eta, aurten lehenengo aldiz, zeliakoentzako janaria eskeiniko dute.

Horra, bada, astebururako plan ezin hobea. Hantxe elkartuko gara!

ONGI ETORRI!

Hemen gaude berriro ere, euskaltzale guztion guraria bete dadin. Albiste, gertakari, ekimen eta baliabideen berri emango dizuegu, euskarak 365 egun izan ditzan.
Oraindino ez bazara harpidetu, bete eskuman dagoen "Jarraitu postaz" atala eta labetik hara izango duzu gure berri. Animatu! 

Ongi etorri EUSKARAZ BIZI 17-18ra.



2017(e)ko maiatzaren 23(a), asteartea

IBILALDIA 2017

Domeka honetan, maiatzak 28, Mungian ospatuko da Larramendi ikastolak antolatutako euskararen aldeko jaia.

  Mezua
Larramendi Ikastola eta beste hainbat ikastola sortu zutenen ereduan sinesten dugulako, berau mantendu eta sustatu nahi dugu. Euskara eta euskal kultura ardatz izanda, pedagogia aurreratu eta aurrerakoia bultzatzen duen eredua. Ikasle euskaldun eleanitzak eta buru-askeak formatu nahi ditugulako. Horretarako, ikastola egiten dugun guztion parte-hartzea behar dela uste dugulako, zeregin horretan egunero eta alkarregaz aritzen gara irakasle, langile, ikasle, guraso eta ikasle ohiak. Herritik sortu ginelako eta herriarentzat dihardugulako, urte osoan zehar ospatuko dugu gure herriaren etorkizunarekin lotzen gaituen ardura eta ilusioa.

Animatu etortzera!